Biarritzeko Irati erakustazokan abian da laborantza herrikoia eta solidarioa biziarazteko eta sustatzeko helburua duen jaialdiaren 21. edizioa. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak sortutako ekimena «Ama ura zaindu» lelopean garatzen ari da, eta bertaratzen direnek egitarau zabala dute eskuragarri, tartean erakusketak, merkatua, otorduak eta askotariko animazioak. Antolakuntzako kideek nabarmendu dutenez, urteurren borobila izateaz gain, ekitaldi hauek ezinbestekoak dira laborarien eta kontsumitzaileen arteko harremanak estutzeko nahiz landatzen diren gaiak denen esku jartzeko. Nahiz eta aurtengo udako eta udazkeneko beroaldiekin eta lehorteekin oso lotura estua duen gaia izan, antolatzaileek aurreko abendutik zuten jada erabakita, klima aldaketaren errealitatea agerian utziz. Uraren gaia oinarri hartuta, aurtengo edizioko gazaita Gilles Boeuf ozeanografoa eta ingurumenean aditua da. Bertze alde batetik, Frantziako hego-ekialdean finkatutako Ardeche eskualdea da aurten lurralde gonbidatua. Euskal Herriarekin hainbat gauza komunean dituen lurralde honek laborantza biologikoa bultzatzen du eta salmenta zuzena egiten du; horregatik, departamenduko 25 laborari bertaratu dira harreman horiek sakontzeko asmoz. Egitarauaren barnean, uraren eta elikaduraren inguruko hainbat mintzaldi antolatu dira, baita laborarien praktikak eta sortzen diren gatazkak aztertzeko tarteak ere. Era berean, landareekin lotutako praktikak, haurrentzako egitaraua, etxe ekoizpeneko merkatua eta otorduak eskaintzen dira. Fuente: Naiz
Ver más en News Today