Ongi etorri harpidedunentzako albisteetara Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu. Aitor Mendiluze nagusitu da Gernikako finalaurrekoan, 713 punturekin. Bigarren eta hirugarren, 707 puntutan berdinduta, Aner Peritz eta Joanes Illarregi izan dira. Ane Labaka laugarrena, 703,5 punturekin; Aitor Bizkarra bosgarrena, 694 punturekin eta, seigarrena, Agin Laburu, 687 batuta. Txapelketa Nagusiko hitzorduek aurrera egin ahala, soka gehiago tenkatzen da. Bertsolariaren bisaian eta entzulearen isiltasunetan sumatzen da tentsio hori. Gaur arratsaldean Gernikako Jai-Alai pilotalekuan jokatu den hirugarren finalaurrekoan Aitor Mendiluzek bildu du puntu gehien, 713 hain justu. Amaierako agurrean kantatu duenez, bertsolariaren dantza «garratzean gozoa, gozoan garratza» izan daiteke. Eta bietatik probatu du andoaindarrak. Ofizioetan abiaduran eta erantzuteko zorroztasunean erakutsi du zer nolako eskarmentua daukan. Bakarkakoan egin duen potoa garratzagoa izango zen seguruen. Baina, azkenean, saioko lehen tokia beretzat. Donostiako finalaurrekoan kantatuko du bigarren itzulian. Zortziko txikian sakatu du Mendiluzek azeleragailua, Aitor Bizkarrarekin egindako ofizioan. Udal bereko bi zinegotzi ziren, agintaldiaren amaieran, programan agindutako hainbat puntu bete gabe. «Kanpainan mingainari tira eta tira/ gero ez gera iritsi behar zen tokira/ ta orain moldatzeko beranduegi da/ lau urte konpontzeko lau urte behar dira», ireki du bidea Mendiluzek. Puntukako ofizioan ere oso goitik aritu dira Joanes Illarregi eta biak. Bakarkakoan, aipatu bezala, poto egin du lehen bertsoan. Eta hamarreko txikian berriz goitik, Agin Labururekin. Gaiak ez du toki erosoan kokatu Mendiluze. Aktoreak ziren biak. Telesail bat grabatzeko proposamena jaso dute eta baldintza jarri diete ezsena bakoitza euskaraz eta gazteleraz grabatzea. Mendiluze prest zegoen, Laburu ez. «Berriz ere ETBk betikoa bota/ bi hizkuntza desberdin ta bi gidoi mota/ hala ez izatea nahiz aldiro opa/ kontzientziai egin behar diot kontra/ kontzientzi hutsetik ez naiz biziko ta», bota du lehenengoan. Mendiluzek eskarmentu handia dauka txapelketako oholtzan eta hori baliatu du gaur arratsaldeko koska pasatzeko. Puntutan bigarrena Aner Peritz izan da, 707 punturekin. Joanes Illarregik ere puntu kopuru bera batu du, baina epai irizpideen arabera bigarren eta hirugarren kokatu dira hurrenez hurren. Biak pozik egoteko moduan, saio bikaina egin baitute. Bertsolari gazteak dira biak eta oso lehiakor aritu dira ideietan eta joskeretan. Zortziko txikiko ariketa elkarrekin josi dute eta une bikaina sortu dute. Joanes, 18 urteko gaztea eta Aner, bere amona. Amonak bilobari sare sozial batean jarraitzeko eskaera egin dio baina ez du erantzunik jaso. Peritzen bigarrena: «Hackeatu egin dut nere eragina/ sare kontutan ez naiz hain andre arina / lotsa ematen dizugu zaharrok jakina/ ziurrenik gazteek zaharroi adina». Eta Illarregiren erantzuna: «Hori horrela bada orain zer erantzun/ zure hitzek badute hainbeste oihartzun/ sarerako ez dakit ze gogo daukazun/ beste amonek bezela irratia entzun». Peritzen bakarkakoa ere ederra izan da, lurretik eta sinesgarri. Hauxe izan du gaia: «Harrera familia izateko izena eman zenuen. Oraintxe deitu dizute haur bat harreran hartzeko aukera duzula esateko». Peritzen lehena: «Izena eman genuenean ematen zuen gezurra/ haur bat nola egiten zaio hasierako agurra/ ba omen dator gure etxera haragia ta hezurra/ dardarka jarri zait lurra/ omen da tarte laburra/ ondo egingo ote du lo ta maiteko al du jogurra/ haseran poza ematen zidan orain pixka bat beldurra». Illarregi ere oso zorrotz aritu da ofizio guztietan eta bakarkako bikaina josi du. Hauxe zuen gaia: «Laneko arriskuen prebentzio teknikaria zara. Enpresa batean arriskuen ebaluazioa egin duzu. Beste behin arazo larriak topatu dituzu». Bikain aritu da leitzarra. «Lan hontan hasi nintzela hamar urte honezkero/ orduztik pasatu ditut mila enpresa ta bulego/ odoltxartu egiten
Ver más en News Today