Ongi etorri harpidedunentzako albisteetara Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu. Neguko olinpiar jokoak izaten diren garaian, ikuslea liluraturik geratzen da, besteak beste, izotz gaineko patinaje artistikoarekin. Kirol horretan emaitza aski onak lortzen ari den Euken Alberdik urteko helburuak zerrendatu ditu NAIZen. Katowicen (Polonia) jokatutako Diamond Spin txapelketan “Itsasoa Gara” kantak gidatu zuen Euken Alberdiren ariketa. Igaro berri den asteburuan ere abesti hori entzun da Rigako Volvo Open Cupen. Donostiarrak laugarren postua erdietsi zuen Polonian, eta bederatzigarrena lortu berri du Letonian. Bi txapelketen artean, NAIZekin bildu da kirol urte hasiera aletzeko: «Denboraldi hasiera ez da erraza, baina pozik nago egindakoarekin». Urteko helburua abenduan jokatuko den Espainiako txapelketa da, eta patinatzaileak «ahalik eta ondoen» prestatzea du xede. Helburuak zerrendatu ez ezik, hausnarketa sakonak ere utzi ditu: «Neguko olinpiar jokoetan begi gehien erakartzen duen kiroletako bat da patinajea, baina urtean zehar ez da gertutik segitzen». Denboraldiko nazioarteko lehen txapelketan, Katowice Diamond Spinen, laugarren postua lortu zenuen. Zer zapore utzi zizun txapelketak? Sentsazioak nahiko onak izan ziren, denboraldi hasiera ez baita erraza. Izan ere, epaileen aurrean agertzen gara, epaileen aurrean bakar-bakarrik, eta hiruzpalau minutu ditugu gure lana aurkezteko. Egunero ordu asko entrenatzen dugu, txapelketa egunean dena behar bezala atera dadin, eta presioarekin ez da erraza. Hala ere, oso pozik nago Polonian egindako lanarekin. Jauziak nahiko ongi atera zitzaizkidan, eta, horrenbestez, puntuazio ona erdietsi nuen. Horrek gogoa eman dit hobetzen jarraitzeko. Saltoren batean okertu nintzen, baina, oro har, pozik nago. Ariketaren zailtasuna izan behar da kontuan, eta jauzi hirukoitzen batean ez nuen erabat asmatu. Esaterako, saiakeraren batean hiru buelta eman ordez, bi buelta eta erdi eman nituen. Horiek eragina dute puntuazioan, baina alor horri dagokionez txapelketa bakoitza ezberdina da. Epaimahaia ez ezik, testuingurua ere aldatzen da txapelketa bakoitzean; beraz, puntuazioa ezberdina izango da. Laburbilduz, denboraldi hasierarako, puntuazioarekin gustura gelditu nintzen. Nola prestatzen du Euken Alberdik ariketa bat? Zein da ikusleek ikusten duten emaitzaren ezkutuko lana? Izotz gainean ikusten denaren aurretik ordu asko daude, lan handia. Denboraldiaurrean, lehen urratsa abestia aukeratzean datza. Aukeraketa hori entrenatzailearekin eta koreografoarekin elkarlanean egiten dugu. Hori behin eginda, koreografoarekin batera lau minutuko programa marrazten hasten gara. Besteak beste, musikaren laguntzarekin, sartuko ditugun elementu ezberdinak eraiki behar ditugu: jauziak, itzulipurdiak eta abar. Uztail amaieran hasi eta abuztuan izotz gainean lanean hasten gara, gutxinaka-gutxinaka zailtasuna handituz. Azken emaitza milaka aldiz errepikatzen dugu, dena kontrolpean izan dezagun. Ken Zazpiren «Itsasoa gara» abestia aukeratu duzu aurten. Asko gustatzen zaidan kanta da, eta kanta programara egokitu behar izan dugu. Izan ere, zenbait elementu tekniko aldez aurretik pautaturik ditugu. Saltoen kasuan, sei jauzi egin behar ditugu, eta horietako hiru ariketaren bigarren zatian egin behar dira. Hortaz, guk pixka bat eskema moduko bat prestatzen dugu eta gero musikarekin eta koreografiarekin jolasten gara, ahalik eta ariketa txukunena osatzeko. Dena den, B eta C planak era baditugu, zailtasunaren arabera moldatzeko. Espainiako txapelketa abenduan izango da, zein da helburua? Momentuz, asmoa orain arte eginiko bideari jarraipena ematea da. Rigako puntuazioa ona izan da, eta seinale ona da hori. Zailtasuna handitzeko asmoa dugu, baina ezin da ahaztu arriskuak ere gora egiten duela. Espainiako txapelketaren aurretik ditudan txapelketek aginduko dute zer arrisku hartu edo zer ez egin. Era berean, Europako txapelketa urtarrilean izango da, eta bertan parte har
Ver más en News Today