Ongi etorri harpidedunentzako albisteetara Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu. [ANALISIA] «Azken bizpahiru urteetan, aditu gehienek amaitutzat ematen zuten ozono-zuloaren afera, baina badirudi oraindik goizegi dela halako baieztapenak egiteko». Joxerra Aizpurua zientzia dibulgatzaileak Nasa-k eginiko neurketen gaineko eginiko azterketa. Aspalditik da jakina Hego Poloko ozono estratosferikoaren mailak izugarri egiten duela behera irailean eta urrian. 40 urtetik gora igaro dira lehen datuak ezagutzera eman zituztenez geroztik. Beheraldi hori gertatzen denean, eguzkiko izpi ultramoreak aise iristen dira lurrera; apenas dute oztoporik guregana heltzeko. Egoera horrek iraungo balu, ezinezkoa bihurtuko litzateke bizitza, gaur ezagutzen dugun moduan. Minbizi eta aldaketa genetiko kasuak erruz ugalduko lirateke Izpi ultramoreen eraginez. Arazo horrek jatorria non duen ezin da bazter utzi. Hain zuzen, joan den mendeko 60. eta 70. hamarkadetan atmosferara isuritako zenbait substantzia dira errudunak; zehazki, espraietan erabilitako konposatu klorofluorokarbonatuak, CFC deritzonak. Iraupen luzeko substantziak dira. Desegin aurretik ehunka urte emango dituzte atmosferan; eta, ondorioz, ozono zuloaren arazoa zenbatez luzatuko den zehaztea zaila da. Esan litekeena da kezka iturri garrantzitsua dela zientzialarientzat. Hala, Hego Poloko atmosferari erreparatzeko hilabeteak izaten dira hauek. Aurtengoan zer ari den gertatzen azaltze aldera, Nasa-ko sateliteek hego poloan egunero neurtzen dituzten parametroei behatzea izaten da bidea. Adierazgarria da, adibidez, urriaren 18an Hego Poloaren gainean neurtutako datuekin osatutako irudia: Dobson unitateetan adierazten da ozono-maila, eta 220tik beherako neurriak eskasia dagoela adierazten du. Kolore urdinak eta moreak ozono maila apala adierazten dute; kolore berde, hori eta gorrixkek, berriz, ozono-maila normala edo handia. Nasa-k egunero osatzen ditu halako irudiak, eta horietan azaltzen diren datuekin bestelako grafikoak osatzen dira. Besteak beste, epeen arteko eboluzioa aztertzeko baliatzen dira grafiko horiek. Goiko irudiak Hego Poloko ozono-zuloa erakusten du, egunez egun. Ageri denez, ozono-zuloak irailaren 18an hartu zuen eremurik zabalena: 27 milioi kilometro koadro. Egun hartan hasi eta urriaren hirugarren astera arte, 25 eta 27 milioi kilometro koadro arteko zabalera hartu zuen. 40 urteotako datuak alderatuz gero, batez bestekoa –marra zuria– baino handiagoa izan da ozono-zuloaren zabalera aurten. Beheko irudian ozono-zuloaren geruza dago ikusgai; zer lodiera duen, egunez egun. Urriaren 4an neurtu zen geruza finena: 114 Dobson. Orokorrean aztertuta, egunez eguneko ozono maila azken 40 urteetako batez bestekoaren oso antzekoa izan da. Esan liteke aurten ere ozono geruzaren eskasia izan dela eta ohikoa baino zabalagoa izan dela. Azken bizpahiru urteetan, aditu gehienek amaitutzat ematen zuten ozono-zuloaren afera, baina badirudi oraindik goizegi dela halako baieztapenak egiteko. * Joxerra Aizpurua teknologia eta zientzia dibulgatzailea da
Ver más en News Today