Ongi etorri harpidedunentzako albisteetara Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu. Militante antifaxista paristarrak kexu dira. 2023ko martxoan hori aditzera eman bazuen ere, Pariseko Herriko Etxeak ez du, gaur gaurkoz, Federico Martin Arambururen omenezko plakarik ezarri. Erakundeak arrazoitu duenez, auzia guztiz bururatu arte goaitatuko du. 2023ko martxoaren 19a. Frantziako errugbiaren ordezkaritza esanguratsu bat 146 Boulevard Saint-Germaine hiribideko 146. zenbakiaren aitzinean zen, Parisko VI. barrutian, urtebete lehenago Loik Le Priol eta Romain Bouvier eskuin-muturreko bi kideek Federico Martin Aramburu errugbilari ohia tiroz hil zuten tokian. Hildakoaren familia Argentinatik heldu zen omenaldirako. Parisko alkateorde eta errugbilari profesional ohi Pierre Rabadan ere bertan zen. Ekitaldian hitz hartzeak kateatu ziren. Hautetsiak, alde batetik, eta Cecilia Aramburu, Biarritz Olympiqueko jokalari ohiaren amak, bestetik, hitzaldiak egin zituzten, biek ala biek eskuin muturraren erantzukizuna nabarmendu zutela. Hizlariek ozenki entzunarazi zituzten herra, arrazakeria eta, oroz gainetik, eskuin-muturrak barreiatzen duen ideologia identitarioaren kontra borroka egiteko deiak. Aldarri arrazistek eztabaida publikoa kutsatzen duten garaian, salaketak egunekotasun osoa atxikitzen du. Azkenean, marmolezko plaka oroigarri bat erakutsi zuten, mezu hau idatzirik zuela: «Federico Martin Aramburu, 2022ko martxoaren 19an 42 urte zituela erail zuten frantses-argentinar herritarra, errugbi nazioarteko jokalaria, semea, senarra, aita eta laguna». Egun berean prentsan agerturiko albisteek aditzera ematen zuten ondoko egunetan plaka bat ezarriko zutela Aramburu hil zuten tokian berean; alta, hori ez dela inoiz gertatu. Parisko militante antifaxistak izan ziren salaketa zabaldu zutenak. «Bertara joan gara, ez dago ez zulorik, ezta kola arrastorik ere. Ez dago deus», kexu mintzatu da, anonimotasunaren babespean, horietako militante bat. Horregatik, iragan urriaren 16an, bizitzaren garestitzea salatzeko deituriko lehenengo mobilizazioaren bezperan, militante batzuek plaka bat eman zuten, sinbolikoki, hutsune hori bete nahian. «2022ko martxoaren 19an Loik Le Priolek eta Romain Bouvierrek, Frantziako Estatuak babestutako bi naziek, hil zuten Federico Martin Arambururen omenez» irakur daiteke bertan. Modu horretan, oroitarazi nahi izan dute Gud-eko bi kide ohiak kontrol judizialaren pean zirelarik hil zutela Aramburu, eskuin-muturreko militante ezagun horien gaineko jarraipenak huts egin zuela agerian emanez. Parisko Herriko Etxeak azaldu duenez, Pumas errugbi taldeko kide ohiaren omenezko plaka «aldi baterako» eman zen behin betiko epaiaren esperoan. Iragan buruilaren 25ean, Le Priol eta Bouvierrek 26 eta 19 urteko kartzela zigorra jaso zuten , hurrenez hurren; baina ordutik bi auzipetuek helegitea aurkeztu dute. Edozein kasutan, prozedurak ez du aintzat hartu Arambururen hilketaren gibelean helburu arrazista edo xenofoboa egon zenik, eta hori oztopo bilakatu daiteke 2023an aurreikusitako oroigarria ezartzerakoan. Celine Hervieu VI. barrutiko hautetsi sozialistak argiki adierazi zuen balizko omenaldi hori «justiziak hilketaren izaera arrazista eta xenofoboa baieztatuz gero» gauzatuko zela. Herriko etxeak adierazi du proiektua bururaino eramateko asmoa duela; baina, horretarako, prozedura judiziala kontuan hartu behar duela, formulazio ukaezin bat osatzeko. Omenaldiaren formari buruz gogoetatzen ari dela jakinarazi du. Gisa guziz, 'Federico Martin Aramburu Saria' sortu berri duela oroitarazi du erakundeak. Saria urtero emanen zaio kirolean arrazakeriaren aurkako borrokan aritzen den kirol talde, elkarte edo kirolari bati.
Ver más en News Today