Ongi etorri harpidedunentzako albisteetara Ordaindu beharreko albiste batean sartu zara eta zure kontu pertsonaleko klik bat kontsumitu duzu. Diziplina ezberdinetako adituen eskutik denon bizitzak zeharkatzen dituzten galderen inguruan hausnartzeko balio duen podcasta da Yasmine Khris Maansrik gidatutako ‘Eta orain zer?’. Heldutzea, ongi bizitzea, munduaren norabidea, laguntasuna, heriotza, maitasuna, erabakiak hartzea, familia... Bizitzan badira geratu eta atzera eta aurrera begira hausnartzea eskatzen duten uneak, Yasmine Khris Maansriren kasuan 30ak bete dituen honetan hartu du horretarako patxada, eta bere buruari egiten dizkion galderak elkarrekin lantzeko proposamena dakar azaroaren 9tik aurrera NAIZ Irratiak eskainiko duen ‘Eta orain zer?’ podcastean (astelehenero 19.00tan atal berri bat). Atalez atal eta gaiez gai, arlo bakoitzean aditua edo aritua den norbait izango da barne hausnarketa prozesu honetako gidari. Garaian garaiko krisiak, atzera begirako pentsamenduak eta aurrera begirako espektatiba eta asmoak izango ditu aztergai podcast berezi honetan. «Ez dut nahi heldu izan!» oihukatuz abiatuko du podcasta Yasmine Khris Maansrik, Nora Salbotx psikopedagogoaren eskutik. «Haztea ahaztea ere bada? Munduari harriduraz nola begiratzen zitzaion ahaztea?», galdetuz abiatu dute biek lehen atal honetako solasaldia. Podcastaren egilearen kasuan bizitzaren une jakin batean harrapatu duen barne hausnarketa prozesua da, baina edonork edozein adinetan erreproduzitu dezakeena. Laguntasunaren eraikuntza eta balioa landuko ditu Irati Zubia filosofoarekin eta norbere gorputzarekiko eta osasunarekiko harremana izango ditu hizpide, adibidez, Ana Galarraga zientzia dibulgatzailearekin. Zer harreman dugu heriotzarekin? Maddi Nazabal filofosoarekin saiatuko da galderan sakontzen. Maitasunaz ariko da Ane Ablanedo psikoterapia eta pedagogia adituarekin, familiarekiko harremanaz Helena Agirre filosofoarekin, munduak ingurumen alorrean daraman bideaz Gorka Larrunaga rekin (Stop Fosilak eta Petroherria podcasta ), Itxaropenaz Joxe Mari Agirretxe ‘Porrotx’ -ekin, hurrengo belaunaldiei egiten zaien, eta ez zaien, transmisioaz gaia sakon landu duen Samara Velte kazetariarekin... Azaroaren 9an hasita, astelehenero 19.00tan eskainiko du NAIZ Irratiak atal berri bana. NAIZen Youtube kanalean izango da ikusgai bideopodcasta eta baita irratia.naiz.eus webgunean ere. Gainera, audio podcast plataforma nagusietan ere entzungai izango da.
Ver más en News Today